Aurreko astekoa
- Zein dira hiru geruzak?
- Zure A3ko marrazkian, non zegoen gurutzea?
- Zergatik ez da kamera bat irtenbide ona ia inoiz sentsore gisa?
Bi mundu, lehentasun kontrajarriak
| IT — informazio-teknologiak | OT — eragiketa-teknologiak | |
|---|---|---|
| Zertaz arduratzen da | Datuak kudeatzea, prozesatzea, gordetzea eta transmititzea | Prozesu fisikoak eta makinak kontrolatzea |
| Adibideak industrian | ERPa, CRMa, posta, datu-baseak, korporazio-sarea | PLCak, SCADA, sentsoreak, robotak, muntaketa-lerroa |
| Adibideak zure sektorean | Muntaia-ordenagailuak, proiektuen zerbitzaria, MAMa, maileguak, fakturazioa | Kamerak, nahasgailua, intercoma, tallya, argi-mahaia, DMXa, soinu-sistema |
| Lehentasuna | Konfidentzialtasuna | Erabilgarritasuna |
| Eguneraketak | Etengabe | Ahalik eta gutxien, eta inoiz ez denboraldian |
| Gelditzea onartzen du? | Minutu batzuk, bai | Ez |
Informazioaren segurtasunak hiru zutabe ditu: konfidentzialtasuna (baimendutakoek bakarrik ikustea), osotasuna (datua zuzena eta aldatu gabea izatea) eta erabilgarritasuna (behar denean eskuragarri egotea).
ITn ordena hori da nagusia: lehenik konfidentzialtasuna. OTn alderantziz da: lehenik erabilgarritasuna. Ospitale bateko bizi-euskarriak edo zentral elektriko batek ezin dute gelditu; datua ikusteak ez du hiltzen, sistema gelditzeak bai.
Platoan berdin: intercoma erortzen bada zuzenekoan, amaitu da. Gidoia filtratzeak kalte egiten du, baina emanaldia aurrera doa.
Konbergentzia: nerbio-sistema digitala
Bi munduak bereizita egon dira beti. 4.0 industrian batu behar dira: OTk datuak sortzen ditu eta ITk zentzua ateratzen die. Metafora klasikoa: ITa garuna da, OTa gorputza.
| Konbergentziaren onurak | Konbergentziaren arriskuak |
|---|---|
| Efizientzia: prozesuen datuak aztertuta, botila-lepoak aurkitzen dira | Segurtasuna: OT sarea Internetera irekitzen da |
| Mantentze prediktiboa: matxurak aurreikustea | OT sistema zaharrak ez zeuden konektatzeko pentsatuta |
| Produkzioaren optimizazioa denbora errealean | Eraso batek produkzioa geldiaraz dezake, ez datuak lapurtu bakarrik |
Bi sareak lotzeko atebide bat (gateway) erabiltzen da: protokoloak itzultzen ditu eta, aldi berean, muga bat da. Sareak segmentatzea —bereizita mantentzea— da neurririk garrantzitsuena: eraso batek sare batetik bestera salto egin ez dezan.
Saio honetako frogak eta autoebaluazioa Moodlen daude: DIGITALIZAZIOA 2026-2027 atalean.
Orri hau edukiaren erreferentzia da.
Zer daramagu etxera
- ITk informazioa kudeatzen du; OTk prozesu fisikoak kontrolatzen ditu.
- ITn konfidentzialtasunak agintzen du; OTn erabilgarritasunak. CIA triada alderantziz dago.
- Konbergentzia beharrezkoa da, baina ateak irekitzen ditu: segmentazioa eta atebideak ez dira aukerakoak.
- Zuen tailerrean bi sareak daude, eta ebakidura txiki bat da dena eusten duena.
Platoan ez erortzea da lehena. Bulegoan, ez filtratzea.
S05ean erabakiez arituko gara: zure amaierako proiektua non dago gordeta orain? Ekarri erantzuna, eta pentsatu handik nola aterako zenukeen.
Saio honetako hitzak
Hiztegi osoa: moduluaren hiztegia.