Aurreko blokekoa
- Zein da hodeiko lau ereduen arteko aldea?
- Zergatik ez da aplikazio bakar bat migratzen?
- Zer da egress?
Saio honetako frogak eta autoebaluazioa Moodlen daude: DIGITALIZAZIOA 2026-2027 atalean.
Orri hau edukiaren erreferentzia da.
Zer da adimen artifiziala
Adimen artifiziala informatikaren adar bat da, tradizionalki giza adimena eskatzen zuten zereginak egiteko gai diren sistemak sortzea helburu duena: patroiak ezagutzea, erabakiak hartzea, hizkuntza prozesatzea eta datuetatik ikastea.
1956an sortu zen terminoa, Dartmoutheko biltzar batean. Hasieran itxaropen handiak: makinek problema matematiko konplexuak ebazten zituzten. Baina gauza errazetan huts egiten zuten —letrak ezagutzea, adibidez—, eta neguak etorri ziren. Aldaketa paradigmarena izan zen: logikatik estatistikara. Arauak programatu beharrean, adibideetatik ikastea.
Bi sailkapen
| Gaitasunaren arabera | Zer den | Existitzen da? |
|---|---|---|
| AA ahula (ANI) | Zeregin zehatz bat oso ondo egiten du, eta besterik ez | Bai: dena da hau gaur egun |
| AA orokorra (AGI) | Gizaki batek egin dezakeen edozein zeregin kognitibo | Ez |
| Gainadimena (ASI) | Gizakia gainditzen duena arlo guztietan | Ez, eta eztabaidagarria |
| Paradigmaren arabera | Nola funtzionatzen duen | Adibidea |
|---|---|---|
| Sinbolikoa | Gizakiak idatzitako arau eta sinboloak | Sistema adituak, logika lausoa |
| Subsinbolikoa | Datuetatik ikasten du, arau esplizirik gabe | Machine learninga, sare neuronalak |
| Hibridoa | Biak konbinatuta | Gomendio-sistema konplexuak |
1960ko hamarkadan, ELIZA programa oso sinple batek psikoterapeuta bat imitatzen zuen, esaldiak biratuz. Erabiltzaile askok pertsona bat zegoela sinetsi zuten, eta sekretuak kontatzen zizkioten.
ELIZA efektua hori da: makina bati giza asmoak, emozioak eta ulermena esleitzea. Gaurko sistemak askoz sofistikatuagoak dira, baina efektua bera da —eta indartsuagoa—. Kontuz: sistemak ez du ulertzen; hurrengo hitza asmatzen du ikasi dituen patroien arabera.
Zer daramagu etxera
- Gaur existitzen den AA guztia ahula da: zeregin zehatzetarako.
- Bi paradigma: sinbolikoa (arauak) eta subsinbolikoa (datuetatik ikasten duena).
- ELIZA efektua: makinari ulermena esleitzen diogu, ez duenean.
- Zehatzean huts egiten du eta orokorrean ondo doa: badakizunean erabili, ez ez dakizunean.
Ez du ulertzen: hurrengo hitza asmatzen du oso ondo.
Saio honetako hitzak
Hiztegi osoa: moduluaren hiztegia.