Aurreko astekoa
- Zein dira lau ikaskuntza-motak?
- Non zegoen alborapena B taldearen kasuan?
- Zer da clusteringa?
Saio honetako frogak eta autoebaluazioa Moodlen daude: DIGITALIZAZIOA 2026-2027 atalean.
Orri hau edukiaren erreferentzia da.
Non sartzen den, etapaz etapa
Hau ez dago liburuetan: zuen sektorerako propio egindako mapa da. 4. IEren f) irizpidea da —deskribatu nola eragiten duen AAk ikasten ari zaren moduluaren sektorean—.
| Etapa | Zertarako erabiltzen den | Zer ikaskuntza-mota |
|---|---|---|
| Aurreprodukzioa | Gidoiaren desglosea, storyboard-a eta concept art-a sortzea, kokapenen bilaketa | Sortzailea (sakona) |
| Errodajea | Begi- eta subjektu-autofokua, jarraipen automatikoa, egonkortzea, esposizio-laguntza | Ikuspen artifiziala (gainbegiratua) |
| Ingesta | Transkripzioa, plano-detekzioa, etiketatze automatikoa, edukiaren araberako bilaketa | Gainbegiratua + NLP |
| Muntaia | Bilaketa semantikoa brutoetan, transkripzio bidezko muntaia, birrenkoadratze automatikoa | NLP + ikuspena |
| Irudia | Rotoskopia, kroma, zarata-kentzea, upscalinga, leheneratzea, fotograma-interpolazioa | Sare konboluzionalak (sakona) |
| Soinua | Pisten banaketa, zarata-kentzea, bikoizketa eta ahots sintetikoa | Sakona |
| Banaketa | Azpitituluak eta itzulpena, gomendioak, moderazioa, miniaturen sorkuntza | Mistoa |
Zerrenda horretan gauza gehienek ez dute sormena ordezkatzen: zeregin errepikakorra kentzen dute. Rotoskopia ez zen inoiz lan sortzailea izan; transkribatzea, ezta ere.
Baina badira bi kategoria non muga lausotzen den: sorkuntza (irudiak, ahotsak, musika) eta erabakia (zer plano den ona). Horiek dira eztabaida sortzen dutenak, eta hurrengo saioan landuko ditugu.
| Sektorea | AAren erabilera nagusia |
|---|---|
| Fabrikazio mekanikoa | Kalitate-kontrola eta mantentze prediktiboa |
| Osasuna | Diagnostikoa irudi medikoetan |
| Nekazaritza | Zehaztasunezko nekazaritza: ura, ongarriak, izurriak |
| Merkataritza | Gomendioak eta stock-aren kudeaketa |
| Logistika | Ibilbideen optimizazioa eta gidatze autonomoa |
| Finantzak | Iruzur-detekzioa eta arriskuen analisia |
| Ikus-entzunezkoak | Goiko taula osoa |
Erabili tresna bat eta kontatu
Datorren asterako, erabili AA-tresna bat zure zikloko zeregin erreal batean eta idatzi orrialde bateko txostena hiru atalekin:
- Zer egin duen ondo. Zehaztu: zenbat denbora aurreztu duzu?
- Zer egin duen gaizki. Adibide zehatzak, ez sentsazioak. Sailkatu S15eko lau kategorietan.
- Zer datu eman diozun nori. Zer igo duzu? Nork ditu orain? Zer dio zerbitzuaren baldintzek entrenamenduaz?
Hirugarren atala da garrantzitsuena eta ahaztu ohi dena.
Zer daramagu etxera
- AA zuen katearen etapa guztietan dago, aurreprodukziotik banaketara.
- Gehienetan errepikapena kentzen du, ez sormena.
- Zure hizkuntzan eta zure terminologian okerrago egiten du, datu gutxiago daudelako.
- «Inoiz ez» esateko arrazoiak bereizi behar dira: kalitatea aldatuko da; erantzukizuna ez.
Transkripzioa abiapuntu ona da eta amaiera txarra.
Saio honetako hitzak
Hiztegi osoa: moduluaren hiztegia.